XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Poliki-poliki sartu ginen gure gurdian eta herriko plazara iritsi ginenerako alde guztietatik Mari agurtzera etorri ziren lamiak, adatsak airean zituztela eta oinak lurrean ia pausatu gabe hegan etorriko bailiran.

Jantzi zuri transparente bat besterik ez zeramaten soinean.

Horrelako gorputz lirainik ez nuen sekula ikusi, eskuak berriz luze-luzeak zituzten eta behatzak meheak oso.

Ordura arte aurpegira ez nien begiratu, gorputz haien edertasunak txundituta bainindukan, baina geroxeago konturatu nintzen zerbait bitxia gertatzen zela.

Kosta zitzaidan ohartzen: haien begiek distira berezia zuten eta haien aurpegiak ezagunak egiten zitzaizkidan.

Mirenenaren errepika zehatza zen haien aurpegia!

Honek zeharo harriturik nindukan.

Miren lamia ote zen?

Ni preso harturik bere ahizpengana ote zetorren?

Zer egiten ote zieten lamiek horrela preso hartzen zituzten mutilei?

Sugaarrek botatakoa ere gogoan neukan: Horiei mutil politak gustatzen zaizkiek eta ez suge zaharrak.

Gauzak hausnartzen hasi nintzen.

Hasteko, Mirenek adats luzea izan du beti.

Luzea bakarrik ez, oso luzea egia esateko.

Gero, Mari azaldu zenean ez zuen txintik atera eta errespetuz mintzatu zitzaion hika.

Gainera, beti orrazten ibiltzea gustatzen zaio.

Marik barrura sartzera gonbidatu gintuenean berehala pronto zen gurdira igotzeko.